Skip to main content

ERAKUSKETA: ARALAR, KIRIKUREN BEGIRADA

Antonea etxea, Lekuberri. Astiz-Irujo Fundazioa. 2021eko ekainaren 26tik irekita.

Lekunberrin Aralar, Kirikuren begirada erakusketa dago ikusgai Astiz-Irujo Fundazioaren Antonea Etxean (Lekunberri). Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak komisariatutako erakusketa da honakoa.


Erakusketa honek Fundazioaren beraren funtsezko helburuak islatzen ditu, hala nola Lekunberriko, Larraun bailarako eta Aralar mendilerroko natura, ingurumena eta kultur ondarea aztertzea, hobetzea eta kontserbatzea. Ingurumena zaintzea eta errespetatzea, eta hori guztia herritarrei zabaltzea da bere funtsa.


Erakusketaren helburu nagusia Aralarren historia bere alderdi guztietatik bisitariei hurbiltzea da. XIX. mendearen amaieratik paisaia, geologia eta biodibertsitatea ikertzeko egiten ziren espedizio aitzindari haietatik hasten da ibilbidea. Ondoren, Aralarko paisaiaren azken 100 urteetako aldaketari buruzko errepasoa egiten da. Paisaiaren erabileraren eta ustiapenaren garrantzia eta ikazkinen, egurgileen, artzainen eta abeltzainen lanetara hurbiltzen da erakusketa. Fermin Leizaolak, Ondare taldeak eta inguruko hainbat partikularrek utzitako material etnografikoak daude ikusgai guzti hau lagunduz.

Erakusten diren materialen artean, itsas fosilak edo 40ko hamarkadako ikerlarien lan tresnak bezalako materialak daude, garaiko ikerketa haiei erreferentzia egiten dietenak: Jesús Elósegui, Ramón Margalef, Joaquín Gómez de Llarena, José Miguel Barandiarán edo Ramón Adán de Yarza, besteak beste.

Biodibertsitateari buruzko atalean animalien arrastoak ikusiko ditugu, hala nola ipar katamotzaren garezurra (Lynx lynx) eta hartzarena (Ursus artos), eta baita animalia taxidermizatuak ere, gaur egun eremu horretan desagertuta daudenak, hala nola Pirinioetako muturluzea eta urogalloa. Baina erakusketako bandera eta protagonista Kiriku izeneko ugatzaren historia da.

Kiriku ugatzaren begirada mugarik gabeko begirada da, airetik behatzen duelako Aralarreko mendilerroa. Kiriku Aralarko biodibertsitatearen ikono bihurtu zen ugatza dugu. Ar harrapari hau Arbaiungo arroilan jaio zen eta Aralarren finkatu zen 2011. urtean; aurrerago, 2016an, Muel iritsi zen, inguru horretan finkatu zen ugatz emea, eta 2017an Eder iritsi zen, beste ugatz ar bat. Ez dute ondorengorik lortu oraingoz, baina bere presentzia Aralarren oso pozgarria da. Hori dela eta, Kirikuren begiradatik Aralar mendilerroko etorkizunaz, klima aldaketaz eta iraganeko lanbideez ere hausnartzen du erakusketak.

Sustatzailea

Babeslea

 

Laguntzailea