Skip to main content

Deskribapena

Aralar mendilerroko larre menditarrek izaera erdinaturala dutelarik, larre horiek aziendaren udako bazkaleku modura izan duten erabilera sekularraren emaitza dira. Mendiaren goialdean daudenez, gehientan jatorrizko pagadia (azidofiloa zein basofiloa) ordezkatzearen ondorio dira. Ganadua maiatzetik urrira arte egon ohi da larre horietan, eta kudeaketa mendeetan zehar aldatuz joan den arren, gaur egun ardiak dira nagusi, eta ondoren datoz behiak, behorrak eta ahuntzak. Mendiko larreen kontzeptuaren barruan, mota askotako larreak aurkituko ditugu, baldintza klimatikoen, litologiaren eta lurzoruaren sakoneraren, maldaren eta erabileraren intentsitatearen arabera aldatzen direnak. Ondorioz, Aralarko larreak lurzoru sakonetan garatutako larre trinkoetatik hasi, eta eremu karstikoetako lur eskeletikoetan garatzen diren larre harritsuetaraino doaz. Kasu bakoitzean landare konposizio bereizgarria aurkitu dezakegu. Oro har larre irekiak badira ere, aziendak gutxien erabiltzen dituen eremuetan sastrakak tartekatzen dira (iralekuak, txilardiak, otadiak, arantzadiak), larreetan mosaikoak eratuz. Sastraka horiek segida ekologikoaren fase eboluzionatuagoak islatzen dituzte, eta aziendarik gabe pagadiraino, landaretza potentzialeraino, eboluzionatuko lukete.

Espezie adierazleak

Larreak oso komunitate aberatsak izan ohi dira espezieetan, eta espezie bereizgarriak aldatu egiten dira larre motaren eta ingurumen-ezaugarrien arabera.Larre trinkoenen kasuan (substratu sakonen gainean garatzen direnak), espezie ugarienak Danthonia decumbens, Agrostis curtisii, A. capillaris, Festuca nigrescens subsp. microphylla, Galium saxatile, Jasione laevis eta Potentilla erecta izaten dira; aldiz, eremu karstiko eta arrokatsuetan larre harritsu eta mesoxerofiloak garatzen dira, eta horietan honako espezieak aurkitu ditzakegu: Brachypodium pinnatum subsp. rupestre, Helictotrichon cantabricum, Poa alpina, Carex ornithopoda, Sesleria albicans, Avenula pratensis, etab. Bestalde, elur metaketa handiak ematen diren guneeta larre kionofiloak eratzen dira eta bertan, besteak beste, honako espeziak aurkitu ditzakegu: Sesleria albicans, Armeria pubinervis, Carex sempervirens edo Aquilegia pyrenaica espezieekin. Larreen artean agertzen diren sastrakadietan Pteridium aquilinum, Genista hispanica subsp. occidentalis, Erica vagas, Erica cinerea, Calluna vulgaris, Ulex europeaus, U. gallii edo Crataegus monogyna nabarmentzen dira.

Espezie laguntzaileak

Landaredi-unitateak

Lehen esan dugun bezala, mendiko larreetan hainbat larre eta sastraka mota tartekatzen eta konbinatzen dira, eta horrek egitura berezia emateaz gainera, espezieen aberastasun handia posible egiten du.

a) Larre azidofilo kantauriar menditarrak.

b) Belardi mesoxerofilo menditarrak eta gailurretakoak.

c) Helictrochichon cantabricum espezieran belardiak.

d) Belardi kionofiloak.

e) Iraleku menditarrak.

f) Txilardi kantauriarrak.

g) Otabera sastrakak.

h) Juniperus communis subsp. alpina espeziearen ipurudiak.

Landa menditarrei lotutako paisaia elementuak

Aralarko mendi-larreak faktore naturalen (geologia, klima, landaretza potentziala), eta antropikoen (prehistoriatik eman de artzaintza eta aziendaren larraketaren) ondorio dira. Goi-mendietako larre horien paisaiaren egitura aldatuz joan da denboran zehar, eta lotura estua izan du une bakoitzean eman diren erabilera eta aprobetxamenduekin. Horren lekuko dira aztarnategi arkeologikoak, trikuharriak, harrespilak eta antzinako artzain-txabolak. Gaur egun, mendilerroaren goialdea txabolaz zipriztinduta dago, eta artzainek udan erabiltzen dituzte.

Larreek mosaikoak osatzen dituzte sastrakadi eta basoekin, baita kareharrizko harkaitzekin eta hezeguneak ere (erreka txikiak, zingirak, putzuak). Habitat horietan fauna- eta flora-espezie oso bereziak eta espezializatuak bizi dira.

Horrek guztiak balio esanguratsua ematen die Aralarko larre menditarrei, kulturaren, historiaren eta naturaren ikuspegi.

Sustatzailea

Babeslea

 

Laguntzailea