Skip to main content

ERAKUSKETAK

Antonea etxea, Lekuberri. Astiz-Irujo Fundazioa. 2021eko ekainaren 26tik irekita.,

Lekunberrin Antonea Etxean Aralar: Kirikuren begirada erakusketa aurkeztu zen 2021 urteko ekainaren 26an. Astiz Irujo Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak komisariatutako erakusketak, Asti Irujo Fundazioaren funtsezko helburuak islatzen zituen, hala nola Lekunberriko, Larraun bailarako eta Aralar mendilerroko natura zein kultura ondarea aztertu, hobetu eta kontserbatu, bidean balio natural eta kulturalen dibulgazio ekintzak sustatuz

Erakusketaren helburu nagusia Aralarren historia bere alderdi guztietatik bisitariei hurbiltzea da. XIX. mendearen amaieratik paisaia, geologia eta biodibertsitatea ikertzeko egiten ziren espedizio aitzindari haietatik hasten da ibilbidea. Ondoren, Aralarko paisaiaren azken 100 urteetako aldaketari buruzko errepasoa egiten da. Paisaiaren erabileraren eta ustiapenaren garrantzia eta ikazkin, egurgile, artzain zein abeltzainen lanetara erakusketaren ikusleak hurbiltzea izan zen. Fermin Leizaolak, Ondare taldeak eta inguruko hainbat partikularrek utzitako material etnografikoak egon ziren ikusgai. Erakusten ziren materialen artean, itsas fosilak edo 40. hamarkadako ikerlarien lan tresnak bezalako materialak egon ziren, garaiko ikerketa haiei erreferentzia egiten zieten piezak: Jesús Elósegui, Ramón Margalef, Joaquín Gómez de Llarena, José Miguel Barandiarán edota Ramón Adán de Yarzaren materialak. Biodibertsitateari buruzko atalean animalien arrastoak ikusi genituen, hala nola ipar katamotza (Lynx lynx) zein hartza arrearen garezurra (Ursus artos), eta baita ere animalia taxidermizatuak, gaur egun eremu horretan desagertuta zeudenak, hala nola Pirinioetako muturluzea edota basoilarra. Baina erakusketako bandera eta protagonista Kiriku izeneko ugatzaren historia izan zen.

Kiriku ugatzaren begirada mugarik gabeko begirada da, airetik behatzen duelako Aralarreko mendilerroa. Kiriku Aralarko biodibertsitatearen ikono bihurtu zen ugatza dugu. Ar harrapari hau Arbaiungo arroilan jaio zen eta Aralarren finkatu zen 2011. urtean; aurrerago, 2016an, Muel iritsi zen, inguru horretan finkatu zen ugatz emea, eta 2017an Eder, beste ugatz ar bat. 2019. urtean bikote egin ziren arren, ez zuten kumerik atera. 2020 urtean Kiriku desagertu egin zen, bikote gabe geldituz, baina 2024 urtera arte itxaron behar izan zuten, Aralarren jaiotako lehen kume arrakastatsua ikusteko, Araitz izena jarri ziote eta Muel eta Eder izan ziren bere gurasoak. Ugatza erakusketaren ikur nagusia da, Kirikuren begiradatik Aralar mendilerroko etorkizunaz, klima aldaketaz eta iraganeko lanbideez ere hausnartzen duelako. Momentuz erakusketa soilik Antonea etxean ikusgai egon da 2021-2022 urteetan zehar. Ez dugu beste eremuetara eramaterik izan baina jendeak jakin dezan erakusketa beste nonahi ezartzeko aukera dago Astiz Irujo Fundazioko kontaktuaren bitartez.

Aralar Kirikuren begirada liburuaren azala.

Aralar, Kirikuren begirada erakusketaren inaugurazioko talde argazkia.

Antonea etxea, Lekuberrin aurkeztu ostean Amaiur, Goizueta, Larraun eta Leitzan ikusgai egon da.

2021-2022 urteetan zehar Antonea etxean ikusgai egon zen erakusketa finkoaren aldean, erakusketa ibiltari bat sortzea aukera egokia izan zitekeela ikusi zuen Astiz-Irujo Fundazioak, izan ere erakusketa ibiltariak irisgarritasun ahalmen handiagoa izango luke. Erakusketaren izenburua Urak eta gizakiak Larraun-Leitzaldeako pasaia zizelkatuz da eta 2023 urtean zehar aurkeztu zen Antonea egoitzan. Erakusketa 12 roll-up panelez osatuta dago. Erakusketa finkoak ez bezala, ibiltaria soilik natura balioetan oinarritzen da, eskualdeko espezie eta habitatak hobeto ezagutzen laguntzen du. 2024 urtean erakusketa aberastu egin da, 12 roll-up panelaz gain 24 argazki inprimatu direlarik.

Erakusketak gainera balio erantsi bat du, izan ere roll up bakoitzean ilustratzaile batek sortutako 12 animalia espezieren irudiak daude ikusgai, inkesta batzuen bidez, herritarrek gertuko balio naturalez (kasu honetan animaliez) duten jakintza aztertu nahi izan dugu.

Momentuz erakusketa Nafarroa iparraldeko bi eskualdetara iritsi da: Larraun-Leitzaldea eskualdeko lau udalerritara (Goizueta, Larraun, Lekunberri eta Leitza) eta Baztango beste batera (Amaiurrera.

Erakusketa ibiltaria Larraungo Gabari Gune Irekian ezarri zen eguneko argazkia.

Erakusketa ibiltariaren aurkezpeneko promozio kartela.

HITZALDIAK

2021 urtean aurkeztutako erakusketa finkoaren materiala baliatuz,Aralar, Kirikuren begirada liburuaren aurkezpena gauzatu zen, Mitxelena grafikaren laguntzaz. Aurkezpena Antonea egoitzan gauzatu zen eta Nafarroa eta Larraun-Leitzaldea eskualdeko erakundeetako ordezkarien presentzia izan zuen.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia saileko kide den Alberto de Castrok “Aralarko zuhaitz handiak kakalardoen ikuspuntutik" hitzaldia eskaini zuen. Larraun-Leitzaldea eskualdean, eta batik bere eskualdeko natura eremu babestuetako habitat nagusia bertako basoak dira (harizti, pagadi zein ameztiak). Eremu hauetako egur hila behar duten kakalardo espezie ezezagunak azaldu zituen Antonea egoitzan gauzatutako ordu beteko hitzaldi saioan.

Berriki argitaratu zen "Gure fauna eta florari begira" liburuaren aurkezpena egin zen Antonea egoitzan. Liburuaren aurkezpena hitzaldi formatoan eskaini zuten, argitalpenaren egile ziren Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirrek. Batik bat Urumea bailaran oinarritu den azterketak, bertako fauna eta floraren inguruko ahozko ondarea jaso du, argitalpen zabal eta aberats batean.

Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia sailak Euskal Herrian gehien aztertu duen eremuetako bat Aralar Eremu Babestua izan da, oso eremu aberatsa izateaz gain espezie mehatxatu ugari daudelako bertan. Azpimarratzekoa uhandre alpetarra, basoigel jauzkaria edota zuhaitz-igel iberiarra. Narrastiei dagokionean, isurialde atlantiko mediterraneoaren mugatik gertu egonda, bi eskualdeetako espezieak behatzeko aukera dago. Alberto Gosá herpetologo adituak, hitzaldi batean Aralarreko anfibio eta narrasti espezieak azaldu eta euren egoera aditzera eman zigun. Horrez gain Aralarren ikusi daitezkeen hiru espezieen liburu monografikoak aurkeztu zituen: uhandre alpetarra, baso-igel jauzkaria eta baso-igel gorria.

Ondare elkartearekin elkarlanean Antonea egoitzan, Carlos Cabido Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak “Suge eta sugegorriak: euren ospe txarraren biktima” hitzaldia eskaini zuen. Bioaniztasunaren ordezkari gehienek pairatzen dituzten mehatxuez gain, suge zein sugegorriek jazarpen zuzena jasaten dute. Ingurumen hezkuntza helburu duen jarduerak bizidun ezezagun hauen inguruko benetako informazioa helarazten lagundu zuen, jendea ekintzaren partaide izanda.

Lekunberri eta Larraun udalerrietako Ibarberri eskola Eskoletako Urmaelen Sarea (EUS) ekimenean barneratu zen, 2022 urtean zehar Astiz-Irujo Fundazioko lursail batean urmael didaktiko bat sortu ostean. Ekimen honekin bat egin duten gainontzeko hezkuntza zentroek egin bezala, putzua sortu ostean hezkuntza zentroko eragileen (ikasle, irakasle zein gurasoek) formakuntza saioak gauzatu dira 2023 eta 2024 ikasturtean zehar. Urmaelaren Biodibertsitatea Ezagutzen erronka ekosoziala gauzatzeko formakuntza saioa jaso zuten. Urmaela lau ikuspegitatik aztertu da: landaredia, anfibioak, eltxoak eta odonatoak. 2024 urtean zehar ere, Amaiurreko eskolaren formakuntza saioa ere gauzatu dute Astiz-Irujo Fundazioaren laguntzaz.

IBILBIDE GIDATUAK

Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomia saileko kideen bitartez, Gaueko behaketa astronomikoa, gauzatu nahi izan zen. Tamalez eguraldia ez genuen lagun izan eta Antonea egoitza barruan hitzaldi bat eskaini zen behaketa astronomikoa ordezkatzeko, zerua nola begiratu behar den aditzera emanaz.

Ikuspegi mikologikotik, Aralarko ingurua oso eremu aberatsa da. Gauzak honela Aranzadiko Mikologia saileko kideen laguntzaz irteera mikologiko bat gidatu zuten, bertako espezieak ezagutu eta portaeraren ikuspegitik gidalerro batzuk aditzera emanaz.

Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko talde batek gidatuta, Aralarreko espezie esanguratsuak zein haien berezitasunak azalduz, Lekunberri-Larraun inguruko anfibio eta narrastiak behatzeko irteera gidatua egin zen Albiasutik-Lekunberrira bidean inguruko basoak eta hezeguneak bisitatu ziren.

Larraun-Leitzaldea eskualdean nabarmentzen den habitat nagusia ardatz gisa baliatuz irteera alor-anitza antolatu zen udazkenean. Bertako basoko natura balioez hitz egiteko bi aditu talderen gidaritza izan genuen. Mikologoak eta entomologoak, irteeran zehar natura balio nagusienak aditzera emateaz gain, gizarteak balio gutxi ezartzen dizkien egur hila, zuhaitz mugarratu edota orbelaren garrantziaz hitz egin zuten.

Bigarren irteera gidatua egin zen 2023 urtean, Aralarren azalera gutxi duten ekosistema txiki bezain aberatsak ezagutzeko, hezeguneak. Espezie inbaditzaileen arriskuaz ohartarazteaz gain, bertako habitat urtarretan balio handia duten bizidunak behatu ziren, arreta batez ere anfibio, narrasti, burruntzi eta sorgin-orratzetan ezarriz. Lan horretan Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia eta entomologia saileko kideen laguntza izan genuen.

Aralarko basoen natura ondarea balioan jarri zuen irteera alor anitzaren argazkia.

Astiz Irujo Fundazioaren lursailean sortutako hezegunea bisitatu zen irteera gidatuan.

Iribas herriko iturburuen irteera, aditu talde desberdinen laguntzaz gauzatu zen. Ibilbidean, Larraun-Leitzaldea eskualdeko ekosistema desberdinak ikusi ahal izan ziren: bertako basoak, landazabal atlantikoa, errekastoak eta ibarbasoak, hezeguneak edota hirigunea. Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Neiker enpresako adituak izan genituenbidelagun: herpetologo (anfibio eta narrastiak) zein entomologoak (burruntzi, sorgin orratz, eltxoa eta kaparrak). Lau orduko ibilbide xumean 20 bat pertsonak parte hartu dute eta bertako faunaren ordezkaritza zabal bat ikusteko aukera izan genuen, azpimarratzeko behatutako narrasti zerrenda.

Iribaseko irteerako uraska lagintzen.

AUZOLAN JARDUNALDIA

Lekunberriko Ibarberri eskolan hiru auzolan jardunaldi desberdin garatu ziren 2022 urtean zehar. Bi erakunde zientifikoren laguntzaz (Aranzadi Zientzia Elkartea eta Zerynthia Elkartea) bertako bioaniztasuna handitzeko eskola barnean Tximeleten Oasi bat sortu zen eta eskolako egoitzatik kanpo bi ekintza desberdin garatu ziren: alde batetik 10 kabi kutxa eta jantokien instalazioa egin zen, eta Larraun errekastoaren bazterrean Astiz Irujo Fundazioaren lursail batean urmael didaktiko bat sortu zen. Ekintzetan hezkuntza zentroaren ikasle desberdinek parte hartu zuten. Urmaelaren kasuan ere, bertan ikus daitezkeen animalia espezieak aztertu ostean, informazio panel bat ezarri zen hezegunearen bazterrean. Amaitzeko hiru ekintza hauei etorkizunean zukua ateratzeko, hezkuntza baliabide desberdinak eskaini zaie kasu batzuetan formakuntza saio edota hitzaldiak jasoz. Azpimarratzekoa urmaela hobeto ezagutzeko aurrera eramandako erronka ekosoziala, Urmaelaren biodibertsitatea ezagutzen.

Ibarberriko ikasleek Odonatoak uraren hegoak erakusketa ibiltariaren bisitatzen. 

Ibarberriko ikasleak Astiz Irujo Fundazioko lursailean urmael didaktikoa sortzen.

Ibarberriko ikasleak Tximeleta eta beste intsektu polinizatzaileentzat oasia sortzen.

Azken hiru urteetan zehar, Nafarroan zehar Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatzen dituen eraztuntze eremuak, Larraun-Leitzaldeako eremu berri batekin aberastu da. Astiz Irujo Fundazioaren laguntzaz eremua egokitu eta bertako hegaztien inguruko informazioa aberasteaz gain (inbentario osoago bat lortuz), ale ugari eraztundu dira. Ekintzak izan dute bere hezkuntza aldea, bertaratu direnak eraztuntze teknika ezagutzeaz gain eremuko hegaztiak bereizten ikasi dute, gertutik bizidun iheskor hauek behatuz.

Aranzadiko kideak, Lekunberrin jasotako txori bat eraztuntzen.

Sare japoniarretan jausitako argioilarra.

Eraztuntze saio batean parte hartu duten kideen talde argazkia.

Sustatzailea

Babeslea

 

Laguntzailea