Deskribapena
Landazabal atlantikoa historikoki baserriari lotutako erabilera tradizionalen emaitza da. Beraz, jatorri antropikoko paisaia da, nahiz eta garrantzi handikoa den biodibertsitatearen eta kultur balioen kontserbazioaren ikuspegitik. Gure inguruan, landazabaleko unitate gehienak garatzen dira haritz kandudunezko harizti azidofilo edo neutroei (Quercus robur) eta baso misto eta lizardi izan beharko liratekeen eremuetan. Baso horiek ordeztu egin ziren aziendaren bazkarako edo beste elikagai batzuen ekoizpenerako eremu irekiak lortzeko, egurrez hornitzeko, animalientzako oheetarako iratze zein oteak lortzeko, etab. Horiez gain, beste erabilera batzuk ere jaso izan ditu, eta bestelako aldagai historiko eta sozioekonomikok paisaia mota berezi hau sortu zuten, gaur egun Aralar mendilerroaren inguruko haran askorekin lotzen duguna. Landazabal atlantikoaren ezaugarri esanguratsuenetako bat mosaiko formako egitura da. Bertan, habitat irekiak tartekatzen dira, hala nola, belazeak edo larreak, baso-formazioekin (basoak eta zuhaiztiak), egitura linealekin (heskaiak), errekastoekin, labore lurrekin, harrizko hormekin edo sastrakekin. Txoko ekologiko aberatseko eremua izanik, leku egokia da fauna eta flora espezie askorentzat.
Espezie adierazleak
Paisaia mota hau hainbat habitat motek osatzen dute, eta, beraz, hainbat dira landazabal atlantikoaren adierazgarritzat har ditzakegun espezieak: sega-belardietan edota segako eta hortzetako belardi eta larreetan ohikoak dira Dactylis glomerata, Cynosurus cristatus, Centaurea debeauxii, Arrhenatherum elatius subsp bulbosum, Bromus commutatus, Trisetum flacescens, Bromus erectus, etab.; albitza (Brachypodium pinnatum) nagusi da lekurik lehorrenetan garatzen diren larreetan; Pteridum aquilinum iratzeak forma ematen die iralekuei; heskaietan eta baso-formazioetan, besteak beste, Quercus robur, Betula pubescens, Coryllus avellana, Prunus spinosa edo Crataegus monogyna espezieak aurkituko ditugu; eta sastraka eta txilardietan Erica vangans, Erica ciliaris, Ulex spp. edo Cytisus cantabricus aurkituko ditugu.
Espezie adierazleak
- Onddoak
- Sastrakak: Rubus ulmifolios, Frangula alnus, Cornus sanguinea eta Eonymus europaeus, Genista tinctoria.
- Zuhaitzak: Castanea sativa, Populus tremula, Fraxinus excelsior, Tilia platyphyllos, Ulmus glabra, Prunus avium y Acer campestre.
- Iratzeak: Pteridium aquilinum.
- Ornogabeak
- Anfibioak
- Narrastiak: Anguis fragilis, Podarcis muralis, Lacerta bilineata, Coronella austriaca y Vipera seoanei.
- Hegaztiak
- Ugaztunak
Landaredi-unitateak
a) Cynosurus cristatus espeziearen segako eta hortzeko belazeak.
b) Belardi mesoxerofilo muinotar eta menditarrak (albiztiak).
c) Arrhenatherum bulbosum espeziearen sega-belardiak.
d) Larre azidofilo kantauriarrak.
e) Iralekuak.
f) Cytisus cantabricus espeziearen sastrakadiak.
g) Txilardi kantauriarrak.
h) Baso misto, lizardi eta hariztiak, bai azidofiloak bai eutrofoak.
i) Ibar-basoak.
Landazabalarekin lotutako paisaia elementuak
Landazabal atlantikoa mendeetan zehar egindako ingurunearen erabilera tradizionalaren emaitza da, eta gure inguruko egitura sozioekonomiko eta familiar garrantzitsuenean oinarritzen da, baserrian. Haren kontserbazioa eta egitura, beraz, historikoki izan diren erabilera tradizionalen bilakaerarekin lotuta dago, eta gizartearen beharrak edo kudeaketa-teknikak aldatu ahala eboluzionatu du. Horren ondorioz, landazabal atlantikoko paisaiaren berezko elementu gisa sar ditzakegu sega-belardiak, sega eta larraketarako belardiak, eremu ireki horien artean tartekatzen diren zuhaiztiak, eta trantsizio-elementuak, hala nola sastrakak, iralekuak eta heskaiak. Gainera, jatorri antropikoko beste egitura batzuk ere badaude, hala nola harrizko hormatxoak, eraikin tradizionalak, metak eta abar, landare- eta animalia-espezie ugarirentzat berebiziko garrantzia dutenak. Azken hamarkadetan, bi prozesu gertatzen ari dira (kontraesankorrak lehen begiratuan), eta landazabaleko paisaiaren funtzionaltasunari, egiturari eta kalitateari eragiten ari dira. Alde batetik, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak apurka-apurka uzten ari dira; eta, bestetik, ustiategi aktiboetan erabilerak areagotzen ari dira, bideragarritasun ekonomikoa lortzeko asmoz. Horren ondorioz, gure landazabaleko paisaiak, egitura gero eta sinpleagoa izateaz gainera, dibertsitate biologiko txikiagoa du, eta horrek, paisaia horren ingurumen-kalitatea eta funtzionaltasuna arriskuan jartzen ditu. Beraz, ingurunearen kudeaketa iraunkorragoa landu beharko litzateke, erabilera tradizionalei eustea eta balio natural handiko inguruneak garatzea bateratuz.