Deskribapena
Nafarroan baso garrantzitsuak dira pagadiak, izan ere, berez 600-700 metrotik gorako lur gehienetan nagusitu beharko lirateke. Klima epeleko tenperatura freskoak dituzte gustuko; lurzoruarekiko eta maldarekiko independenteak dira, eta prezipitazio ugariko lekuak behar dituzte. Pagadiek urte osoan behar dute hezetasuna, baina hezetasun hori maiz ez da euritik etortzen, behe lainotik baizik. Lainoak dakarren ura, hostoetan, enborretan eta orbelean kondentsatzen da, eta tantak lurrera erortzean, lurra hezetu egiten da. Prozesu hori bereziki garrantzitsua da udan, estres hidrikoa lasaitzen laguntzen duelako. Pagadiak tamaina handiko eta adaburu zabaleko pagoz osatuta daude nagusiki. Zuhaitzek itzal handia ematen dute, eta pagadietako zorua orbelez estalia egoten da beti. Itzala hain izaten da handia, oihanpean ezer gutxi hazten baita, eta, hori dela eta, erraz ibiltzeko moduko basoak izaten dira, besteak beste onddo bila ibiltzeko leku paregabeak.
Espezie ordezkaria
Pagoa (Fagus sylvatica) hostoerorkorra da. Haren hostoak sinpleak eta obatuak dira, eta mutur puntaduna dute. Hostoen ertzak osoak dira, eta, askotan, uhinduak. Hosto gazteek ile argiak dituzte ertzean. Landare monoikoa da. Lore arrak txorten luzeetan zintzilikatutako borlak dira, eta zuri-horixkak izaten dira. Lore emeek berriz, txorten motza izaten dute, eta harizpiak ikusten zaizkie.
Espezie laguntzaileak
- Onddoak: Amanita rubescens, Boletus aestivalis, Cantharellus cibarius, Craterellus cornucopioides eta Russula cyanoxhanta.
- Sastrakak: Ilex aquifolium, Vaccinium myrtillus, Sorbus aria, Prunus spinosa eta Campanula latifolia.
- Zuhaitzak: Taxus baccata, Ilex aquifolium, Vaccinium myrtillus, Fagus sylvatica eta Castanea sativa.
- Iratzeak: Pteridium aquilinum, Blechnum spicant, Brachypodium retusum, Phyllintis scolopendrium eta Azolla filiculoides.
- Ornogabeak: Helix aspersa, Lucanus cervus, Cerambix cerdo, Arctia festiva eta Thaumetopoea processionea.
- Anfibioak: Salamandra salamandra, Lissotriton helveticus, Ichthyosaura alpestris, Alytes obstetricans, Bufo spinosus eta Rana temporaria.
- Narrastiak: Anguis fragilis, Podarcis muralis, Natrix astreptophora, Zamenis longissimus eta Vipera seoanei.
- Hegaztiak: Hieratus pennatus, Pernis apivorus, Dryocopus martius, Dendrocopos leucotos eta Picus viridis.
- Ugaztunak: Martes martes, Myodes glareolus, Sciurus vulgaris, Capreolus capreolus eta Sus scrofa.
Larraungo eta zonaldeko pago motak
a) Pagadi basofilo eta xerofilo kantauriarra.
b) Pagadi azidofilo kantauriarra.
c) Pagadi azidofilo eta ombrofilo kantauriarra.
Pagadiekin lotutako paisaia elementuak
Pago motzak deitzen zaie mozketa periodikoen bitartez adar guztiak (edo ia guztiak) inausten zaizkion zuhaitzari, mozketa altuera batetara egiten da, kimu berriak atera ezkero ganaduak jan ez ditzan. Herrialde askotako laborari komunitateek erabili izan dute teknika zahar hau, egurra, erregai eta bazka moduan erabili dute eta. Zuhaitz hauek, nekazal paisaiaren elementu bereizgarri da, herriko kulturaren parte. Zuhaitz zaharrak izaten dira, zulo eta egur hil askorekin, agroekosistemetan elementu hauen presentzia balio erantzi bat da, ikuspuntu ekologikotik begiratuta.
Pago motzen zaintzarako erabiltzen diren teknika tradizionalak Ondare Kultural Materiagabea da. Etnobotanikarekin erlazio zuzena du, paisaia kulturalaren maneiuan ere, naturarekiko ezagutzan, arkitektura tradizionalean eta teknika artisauetan. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den praktika, aldaketa sozial eta teknikoetara moldatzen ikasi duelarik. Halere mehatxu batzuk badituzte, alde batetik herri txikien despopulatzea eta bestetik, hainbat alek ez dute inausketarik jaso, zuhaitza zartatuz eta hiltzeko arrisku handia sortuz. Kudeaketa beharrezkoa dute, kasu honetan mozketa, baina kasu batzuetan oso konplexua da eta beste batzuetan praktika egokien beharra eskatzen du. Gidalerro argi batzuk beharko lirateke pago motzen kudeaketa egokia burutzeko baina oso lan zaila da hori, orokorrean informazioaren transmisioan galera handia egon delako.