Deskribapena
Luzera osoa kontutan hartuz tamaina ertaineko ofidio espeziea da suge berde horia, 1-1,5 metro bitarte neur ditzake. Gorputz luze eta liraina ageri du, buztana bezala, espezie bizia delarik. Bizkar aldeko kolorazioa beltza edo berde iluna da, orbain hori txikiekin, pileoan eta gorputzaren aurre aldean. Sabeleko eta alboko koloreak argiak dira: horiak, berdeak edo zuriak. Banako batzuk ilunagoak izaten dira. Gazteen bereizgarri handiena buru aldean erakusten dituen orbain ilunak izaten dira, lerro argi horiez mugatuak egoten direnak. Arrak emeak baina handiagoak dira, baina aldiz sabel aldeko ezkata kopurua baxuagoa dute.
Banaketa
Mediterraneo itsasoko mendebaldean dauden herrialde Europarretan topatzen da: Frantzia, Espainia, Andorra, Suitza, Italia, Eslovenia eta Kroazian. Mediterraneo mendebaldeko irla handietan bizi da: Malta, Korsika, Sardinia, Sizilia eta beste hainbat irla txikitan ere. Espainian banaketa area mendilerro piriniotarra eta mendi-adar prepiriniotarretan ageri da, 100-200 metroko altueratik Pirinio Erdialdean 1.900 metro bitarte banakoak ikusi direlarik. Banaketa area penintsularra bi gunetan banatzen da, bat ekialdekoa eta bestea mendebaldekoa, 80 kilometro aldenduak bata bestetik (Nafarroako ekialdea eta Huescako mendebaldean). Pirinio iparraldeko populazioak (Frantzia aldean daudenak) bi guneen arteko konexioa mantentzen dute.
Habitata
Eremu irekiak ditu gogoko, batik bat landazabaleko mosaikoak, zona harritsu eta sastrakadi baxu bakanduak. Alderantziz, ingurune uniformeak ez zaizkio gustatzen, baso egituratu zein sega-belardi eta larre zabalak. Iberiar Penintsulan Pirinio Garaiko haran baxuak gogoko ditu. Estali ditzake sastrakadiak, gune harritsuak, belardietara lotutako harrizko hormak, gune degradatuak eta antropikoak edo mota guztietako baso irekiak, adibidez baso mistoak, hariztiak, pinudiak, pagadi ertzak edota ibar-basoak. Haran batzuetako gune antropikoetan bainuetxe termaletan ikusi daitezke.
Kontserbazio estatusa
Suge berde-horiaren populazioak Espainian eta Europan ez daude mehatxuan, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna irizpideen arabera, kezka baxuan dagoen espeziea da. Espainian banaketa area penintsularen ipar ekialdera mugatzen da, hori ikusita, populazioak arreta berezia merezi beharko lukeela esan genezake. Euskadi mailan Espezie Mehatxatuen Zerrendan daude, Interes bereziko moduan, eta era berean Europako Habitat Arteztarauak IV. eranskinean barneratu du espeziea.
Mehatxuak
Espezieak bi mehatxu nabarmen ditu, alde batetik jazarpen zuzena, urtean zehar suge asko eta suge berde-hori ugari hiltzen direlako, eta bestetik garraiobideen bidez zanpatutakoak, zenbait eremutan ugariak izan daitezke. Azkenik Larraungo bailaran gertatzen den prozesua, bertako landazabala paisaia kulturalari atxikitutako elementuen galera, harrizko horma zein hesi biziak.
Kontserbaziorako ekintzak
Babestutako espeziea ez denez, ez da bere kontserbaziorako kudeaketa ekintzarik gauzatu. Baina, paisaia kulturalaren elementuen kontserbazioa bermatuz, batik bat harrizko horma zein heskaiena, espeziearen nolabaiteko babesa sustatzen da. Era berean gizarteak sugeekiko duen ezinikusia leuntzeko sentsibilizazioa kanpaina bat egitea ondo legoke, jazarpen zuzeneko hilkortasunetan beherakada lortuaz.