Skip to main content

Deskribapena

Tamaina txikiko igelak, ez du 5 zentimetroko luzera gainditzen. Aurreko hankak atzekoekin konparatuz, txikiagoak dira. Behatzek muturrean disko itsaskorrak izaten dituzte, ezaugarri honek igokari abilak izatea dakar. Bizkar aldeko kolorazioa oso deigarria da, berde argi bizi eta uniformea, batzuetan tonu horixka, grisazka edota urdinxka erakusten dute. Alboetan banda ilun bat erakusten du, longitudinalki ia gorputz guztia iragaten duena: muturretik hasi, begi eta tinpanoak pasa eta gerrialdean gako antzerako bat egiten du. Arrek aho-poltsak erakusten dituzte, puzten denean buruak baina tamaina handiagoa erakusten du, eta husten denean, eztarrian tolesdurak agertzen dituzte, era berean eztarri gunean azaltzen duen kolorazioa eta testura desberdina da gainontzeko sabel aldearekin alderatu ezkero.

Banaketa

Iberiar Penintsulan zehar barreiatzen da, eta Frantzia hegoaldean, baina ez dago argi bere iparraldeko muga non dagoen, akaso Bretainia frantsesean. Iberiar Penintsulan iparralde eta erdialdean nahiko banaketa area zabala erakusten du, mendebaldean bere hegoaldeko muga zabaltzen du. Iberiar Penintsulako ipar ekialdean banaketa area aldakorra erakusten du: arrunta eta jarraia Araba eta Nafarroan, aldiz eskasa eta zatikatua Bizkaia eta Gipuzkoan.

Habitata

Itsas mailatik hasi eta 2140 metrotara bitarte, espeziearen populazioa badagoela egiaztatu da, nahiz eta mendiko populazioak zatiketa maila handiagoa erakutsi, batik bat 1.000 metrotik gora. Ertzeko landaretza belarkara eta sastrakadi handia duten hezeguneak ditu gustuko. Lurzoru silizeoen aldeko hautua egiten duela dirudi. Ugaltzeko ur ekosistema egonkorrak erabiltzen ditu, ur landaretza ugarirekin, izan ere landaretza horien artean ezartzen dituzte erruteak.

Kontserbazio estatusa

Espeziea ez dago Euskadi eta Nafarroako espezie mehatxatuen zerrendan, eta Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak mundu mailan espeziea ez du zerrenda gorrian barneratzen. Elkarte berberak ordea mehatxu kategorian sailkatzen du espeziearen Espainiako populazioak. Europako Habitat Arteztarauak IV. eranskinean barneratzen du.

Mehatxuak

Idortasunaren areagotzea eta baita tenperaturaren etengabeko igoerak, espeziearen Iberiar Penintsulako populazioen gainbehera azaldu dezake. Putzu ertzeko landaretzak eta hezeguneen ur kalitateak berebiziko garrantzia du zuhaitz-igel iberiarraren kontserbazioan. Anuro honen mehatxu handienak ugal putzuen suntsipena eta eraldaketa dira. Espezie arrotz inbaditzaileen sartzapena, hain zuzen ere karramarro gorriarena, hainbat populazioren iraungipena sorrarazi du.

Kontserbaziorako ekintzak

Espezie babestu bat ez denez, ez zaizkio kontserbazio neurriak egin, hori bai, beste anfibio mehatxatu batzuen mesedetan sortutako hezeguneak, adibidez uhandre alpetarrarentzat, probestu dituzte; izan ere, zuhaitz-igel iberiarrak dispertsio ahalmen handia erakusten du bai eta hezeguneak kolonizatzeko ere.

Taxonomía

Reino: Animalia
Filo: Chordata
Clase: Amphibia
Orden: Urodela
Familia: Salamandridae
Subfamilia: Pleurodelinae
Género: Ichthyosaura
Especie: Ichthyosaura alpestris (Laurenti, 1768)

Sustatzailea

Babeslea

 

Laguntzailea